Eraikuntza-sektorean urteak daramatzagu digitalizazioaz, industrializazioaz eta jasangarritasunaz hitz egiten. Gutxiago hitz egiten dugu honetaz: erretiroa hartzen duten pertsonek metatutako ezagutzarekin zer gertatzen den.
Badira inongo prozeduratan agertzen ez diren gauzak. Ez daude dokumentatuta, ez dute protokolorik eta ez dira harrera-prozesu bateko prestakuntza-saio batean ikasten. Urteen poderioz eskuratzen dira, obra-lanean, aurreikusi gabeko egoerei irtenbidea emanez. Eta eraikuntza-sektorean hamarkadak daramatzaten profesional ugari daude horrelako ezagutza metatzen.
Pertsona horietako asko erretiro-adinera hurbiltzen ari dira. Ez da ohiko enpresa-ondorengotzaren arazo bat, ezta zuzendaritza-taldeen berritze hutsa ere. Isilagoa eta kudeatzeko zailagoa den errealitate bati buruz ari gara: pertsona jakin batzuengan dagoen ezagutza tekniko eta operatiboaren galera progresiboari buruz. Pertsona horiek erakundea uzten dutenean, ezagutza hori ere desagertzeko arriskua dago.
Horixe da Relevo LAN proiektuaren abiapuntua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta lurraldeko enpresa-sarea indartzeko helburuarekin garatua. Proiektuaren helburua ez da arazoa seinalatzea izan, baizik eta haren benetako dimentsioa ulertzea.

Horretarako, Gipuzkoako eraikuntzaren balio-katearekin lotutako ia ehun erakunde aztertu dira —eraikuntza-enpresak, ingeniaritzak, industria laguntzailea, zentro teknologikoak eta azterlan teknikoak, besteak beste—. Diagnostiko-metodologia espezifiko bat diseinatu da, euskaraz zein gaztelaniaz, elkarrizketa sakonak, galdetegiak eta antolakuntza-analisiak uztartuz. Helburua ez zen lan-demografiari buruzko inkesta bat egitea; ezagutza enpresetan nola antolatzen den, erantzukizun kritikoak non pilatzen diren eta profil jakin batzuk desagertzen direnean erakundeek jarraitutasuna bermatzeko duten gaitasuna ulertzea baizik.
Zenbait datu esanguratsu
- Ia 100 enpresa aztertu dira Gipuzkoako eraikuntzaren balio-katean.
- 20 erakundek parte hartu dute diagnostiko-prozesuan.
- Parte-hartzaileen %58k dagoeneko belaunaldi-erreleboaren prozesuan dagoela edo datozen urteetan horri aurre egin beharko diola adierazi du.
Azkenik, askotariko profiletako hemeretzi erakundek parte hartu zuten: eraikuntza-enpresa handiek, kooperatibek, ingeniaritzek, industria-enpresek eta zentro teknologikoek. Aniztasun horri esker, emaitzek ez dute enpresa mota bakar baten errealitatea islatzen, sektore osoarena baizik.
Hausnarketarako datuak
Azterketatik ateratako datuek gogoetarako bidea ematen dute. Parte hartu duten erakundeen %58k belaunaldi-erreleboaren prozesuan dagoela edo epe laburrean egoera horri aurre egin beharko diola aitortu du. Enpresa batzuetan, profil estrategiko jakin batzuen %30 baino gehiago —eta zenbait kasutan %50 baino gehiago— erretiro-adinera hurbiltzen ari da.
Parte-hartzaileen erdiak baino gehiagok adierazi du profil giltzarrien ezagutza kritikoa ez dagoela dokumentatuta edo sistematizatuta. Horrek esan nahi du pertsona horiek erakundea uzten dutenean, haiekin batera joan daitekeela urteetan pilatutako ezagutza ere.
Baina proiektuaren aurkikuntzarik esanguratsuena ez da hori bakarrik. Esperientzia operatiboa, gorabeheren ebazpena, bezeroekiko harremanak edo arlo jakin batzuen benetako funtzionamendua pertsona zehatz batzuengan biltzen dira askotan. Ezagutza hori ez dago sistematizatuta, eta galtzeko arriskua handia da.
Bestalde, Relevo LAN proiektuan parte hartu duten enpresen %74k zailtasunak ditu sektorean profil berriak erakartzeko. Teknikari kualifikatuen eskasia, erdi-mailako arduradunak aurkitzeko zailtasuna eta eraikuntzak belaunaldi berrien artean duen erakargarritasun txikiagoa sektore osoan errepikatzen diren erronkak dira.
Belaunaldi-erreleboa ez da arazo berria
Ez da gaur sortutako erronka. Enpresek urteak daramatzate egoera hori sumatzen. Relevo LANek ekarritako balio nagusia arriskua non dagoen zehaztasun handiagoz identifikatzea izan da: ez hainbeste zuzendaritzan edo jabetzan, baizik eta tarteko profiletan. Arkitekto teknikoak, obra-buruak, arduradunak, ekoizpeneko arduradunak edo exekuzioko espezialistak dira erakundeen eguneroko jarduna sostengatzen duten profesionalak, nahiz eta askotan ez diren lehen lerroan agertu.
Azterketak enpresen arteko alde nabarmenak ere agerian utzi ditu. Batzuek badituzte ondorengotza-planak, laguntza-mekanismoak eta ezagutza-transferentziarako prozesu egituratuak. Beste batzuek modu erreaktiboan jarduten dute, erretiroa gertatzear dagoenean edo ordezkapena lortzeko zailtasunak ageriko bihurtzen direnean. Hirugarren talde batek, berriz, prebentzioaren ikuspegitik lan egiten du, arazoa egiturazko bihurtu aurretik neurriak hartuz.
Ondorioak argiak dira: prozesu horiek hobekien kudeatzen dituzten erakundeak garaiz hasi dira lanean. Ezagutza dokumentatzen, barne-lidergoa garatzen eta erantzukizunen transferentzia modu progresiboan planifikatzen hasi dira, ez premiazko egoera bati erantzuteko, baizik eta erakundea kudeatzeko duten moduaren parte gisa.
Relevo LANek ez du irtenbide unibertsalik proposatzen. Sektorea askotarikoa da horretarako. Proiektuak eskaintzen duena erabilgarriagoa da: enpresa bakoitza zein egoeratan dagoen eta bere premia-maila zein den ulertzeko diagnostiko zintzo eta errealista. Izan ere, eraikuntzan, beste hainbat lanbidetan bezala, badira inprobisatu ezin diren gauzak. Eta belaunaldi-erreleboa horietako bat da.
